XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasier Etxeberria

Quasimodo

Egunoro sei-zazpi egunkari ezberdin erabiltzen ditut eskuetan eta gainera beti dabiltza bizpahiru aldizkari nere mahai gaineko paperen artean igerika.

Telebista ia egunoro ikusten dut: albistegi, debate, dokumental eta filmeak.

Nahi gabetan, ehun iragarki sartzen dira nere begietatik: autoak, saltxitxak eta bankuak.

Esnatu bezain azkar irratia pizten dut, klik eta edozein kalamitate eta gerrak ematen dizkit egunonak.

Dutxatu eta bizarra kendu bitartean, hegazkin bat lehertzen da aidean bere berrehun bidaiariak dituelarik barnean, Indian zazpi uholdetan hiltzen dira bi mila pertsona, eta gure politikariren batek lerdokeriaren bat esaten du lotsagabeki irratiaren altabozetatik.

Lanera joateko autoa hartzera oinez noan denborarekin, kaleetan ezarrita dauden mota guztietako txartelak ikusten ditut: telefono kabinetako kristaletan, hormetan... bazter guztietan.

Autora heltzen naizenean, pare bat orri kentzen ditut bere aurreko kristaletik: ingeleseko ikastaro bat eta kantzontziloak non erosi aholkatzen didate paper horiek.

Autoan sartu eta berriro ere, klik, irratia: gosetea, erreforma agrarioak eta bonbak.

OH yeah!. Txin, pan, pun.

Lanera iritsi eta han daude, nere mahai gainean, haseran aipatutako zazpi egunkariak.

Bat banaka hartu eta ordenatu egiten ditut nere iritzi partikularraren arabera: euskara gehien darabilenetik, batere ez darabileneraino.

Egunkaria, Egin, Deia, Diario Vasco, El Correo, El Mundo eta El Pais.

Titularrak aztertzen ditut eta denak ezberdinak direla konturatzen naiz.

Egiak ere badituela milaka aurpegi.

Komunikabide bakoitza bere jabeen mesedetan dabilela, alegia.

Bat batean, Nazioarteko orrietan, pigmeo baten argazkia ageri da oihanaren erdian telebista ikusten.

Pigmeoa, nola ez, hipnotizatuta dago pantailatik irtetzen den argi urdinskarekin.

Seguru asko ez ditu ikusiko telebista aparailuaren atzetik pasatzen diren elefanteak.

Berak Volvo autoen iragarkietan ditu galduta begiak.

Baina, zertarako behar ote du pigmeo batek volvo haundi bat?

Pentsamendu horietan nabilen bitartean, Agustin Garcia Calvo filosofo haundiaren gogoramena etortzen zait derrepentean.

Gizon honek oso era berezian izendatzen ditu komunikabideak: Medios de Deformación de Masas.

Kasualitate batez Garcia Calvok arrazoia baldin badu, komunikabideek benetan deformatzen badute, ni Quasimodo izatera iritsiko naiz martxa honetan.

Notre Dameko kanpaiak jotzen zituen munstro konkordun hura izango naiz, handitzen naizenean.